«Ez zaigu okurritu ere egiten pentsatzea zaharrek sexua dutela»

Zahartzarora iristean, zer topatuko du norbanakoak? Eta zein da egungo zaharren egoera? Galdera horiek guztiak izan ditu buruan Marian Gerrikabeitia kazetariak Nora goaz? izeneko dokumentala egiten aritu denean. Egun hauetan, Bizkaiko

hainbat herritan ikusi ahal izan da, eta gaur bertan Getxon ikusteko aukera egongo da. Datorren ostegunean, Markina-Xemeinen emango dute dokumentala; ostiralean, Durangon; eta hilaren 8an, EHUko Leioako campusean. Hausnarketa herriz herri zabalduko dute horrela.

Nora goaz? galdetzen duzu dokumentalaren izenburuan. Nora, bada?

Oraintxe, aurrekaririk gabeko mundu mailako aldaketa sozial baten aurrean gaude. Jendea gero eta luzaroago bizi da, eta horrek aldaketa politiko, ekonomiko eta sozial ugari dakartza berekin, baina erantzunik ez dago oraindik.

Dokumentala Bizkaian oinarrituta dago. Lurralde horretan 65 urtetik gorako 250.000 pertsona daude. Nola erantzun egoera horri?

Ni ere kazetaria naiz, eta horri erantzun behar diotenek erantzuten ez dakiten galdera bat da. Zaharragoak gara jendeak haurrik ez daukalako, ezinezko zerbait eskatzen zaielako: krisi erdian bikotekidea, etxea, lana eta haurrak edukitzea eskatzen zaigu. Ekonomia zail batekin bizitza zail bat daukagu.

Badirudi gizarteak askotan ez dakiela nola aurre egin egoerari. Dokumentalean, elkarrizketatu batek dio gizarte ekintzako zinegotzi guztiak gazteak direla…

Alde handia dago 60 edo 80 urte dituzten pertsonen artean. Egoera ezberdinetatik datoz: batzuk frankismo garaitik datoz, eta ikasteko aukera gutxi izan zuten, eta erretiroa hartzean ez daude ziur ahots indartsu bat edukiko duten. Baina hori aldatzen ari da, orain erretiratzen ari den belaunaldi berriak beste egoera bat izan duelako, unibertsitatetik igaro da, eta haien ahotsa indartzen ari dira. Gero eta gehiago izango dira, gainera, eta indar handiagoa izango dute.

Pertsona zaharragoak beharko dira udaletan?

Ez dakit, baina sentsibilitate handiagoa edukitzea eskatuko da; gizarteak zaharrak ikusezin bihurtzen baititu. Zaharrek sexua dutela pentsatzea, esaterako, ez zaigu okurritu ere egiten.

Baina badaukate.

Bai, eta asko gainera. Baina gaizki ikusia dago horri buruz hitz egitea.

Zergatik?

Gizartean iraganetik datozen pentsamendu batzuk ezarrita daudelako. Horren oinordekoak gara, eta aldaketa horiek pixkanaka gertatzen dira. Agure lizunaren espresioa ezaguna da, baina gazte lizuna ez da esaten. Uste duzu gizon bat adineko bihurtzen denean galdu egiten duela sexuaren inguruko interesa? Ez, baina gizarteak ez du ongi ikusten pertsona horrek sexuarekin zerikusia duen oro kontatu ahal izatea. Nik uste dut gauzak aldatzen ari direla, baina oso pixkanaka.

Esan daiteke estereotipo asko ditugula oraindik?

Bai, asko. Eta adinekoen inguruan, negatiboak, gainera. Eta hori gure kontra doa, denok garelako helduak izateko hautagaiak. Ni heldu bihurtzen naizenean halako gauzak ez egotea nahiko nuke: gizarte normalizatuago batean egon nahi nuke; naturalagoa, gauza batzuetan. Dokumentalean, esaterako, adinekoen biluziak agertzen dira, eta hedabide askotan halakoak ez dira erakusten, edo ezkutatu egiten dira. Helduen ikusezintasunaren isla da hori. Baina itsusiak al dira? Zergatik ez dira erakusten? Edo zergatik ematen digu erreparoa? Vogue aldizkariak 80 urteko emakume baten argazkia atera du azalean, eta apurtzailea dela diote. Zerekiko? Hedabideek ezarritako arauekiko. Espero dut, egia esan, arau horiek aldatuz joango direla.

Deja un comentario

Este sitio utiliza Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Blog de WordPress.com.

Subir ↑